domingo, 28 de noviembre de 2010

DEPRESIOA

Depresioa nahastu egiten da tristura eta malenkoniarekin, eta beste hainbeste gertatzen da estresarekin eta antsietatearekin ere, antzeko sintomak izaten dituztelako. Baina ez dira gauza bera eta tratamendua ere desberdina da.

Depresioak ez du sexurik bereizten, baina eragin handiagoa du emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Emakumezkoen %20 inguruk neurri handiago edo txikiagoan depresioa izaten duela uste da; gizonezkoen artean, berriz, kopurua ez da %9ra iristen. Baina gure gizartean haziz doan arazoa da eta horixe da kezkagarriena: azken hamarkadan hiru aldiz biderkatu da depresio kontrakoen kontsumoa eta antsiolitikoena, lau bider.
Sarritan, depresioaren diagnostikoa ez da zuzen egiten anbulatorioan, kasurik gehienetan gaixoak azaltzen dituen sintomak ez baitira oso zehatzak. Nahiz eta lehen sintomak agertu bezain pronto diagnostikoa egitea funtsezkoa den, depresioa larriagotu egiten da eta okerragoa dena, kroniko bihurtzeko arriskua dago. Eta horren ondorioz, tratamendua zailago eta ondorioak larriago bihurtzen dira.

Normalean, tristura izaten da hasierako sintoma; egunak joan ahala, sakonago eta biziago bihurtzen da malenkonia eta gogorik eza. Eta eguneroko jardun, gizarteko bizitza, irakurketa, zaletasun eta lanerako interesik eza azaltzen dira. Halaber, pertsonak egiten dituen eguneroko lanetan eta irakurketan kontzentratzeko arazoak agertzen dira; proiektuak albora uzten dira eta "ez dut ezertarako balio", "ezer ez du merezi" eta antzekoak sentitzen ditu pertsonak. Loak gorabeherak izaten ditu, arratsaldearen amaieran logura handia eta goizaldean logurarik eza agertzen dira eta askotan angustia eta antsietatea horrekin batera. Itxuraz arrazoirik izan ez arren, negargura eta beste sintoma pila bat ager daitezke: itomena, sabeleko ondoeza, izerdiak, ikarak, zorabioa, ahoko lehorra, buruko mina. 

Gaur egun botika ugari eta eraginkorrak daude depresioaren kontra eta substantzia zerrenda zabala biltzen dute. Depresio-kontrakoak neurotransmisoreengan jarduten duten botikak izaten dira, serotonina, normadrenalina, dopmina eta antzeko substantziak, neuronek euren artean komunikatzeko erabiltzen dituztenak. Botikarik erabilienetako bat fluoxetina da, serotonina gehitzea eragin, eta aldarte-egoera eta bizitza-energia erregulatzen dituena. Ez du berehalako eraginik izaten eta hartzen hasten denetik, 3 eta 4 hilabete behar izaten dira eraginak antzematen hasteko.

No hay comentarios:

Publicar un comentario