domingo, 28 de noviembre de 2010

DEPRESIOA

Depresioa nahastu egiten da tristura eta malenkoniarekin, eta beste hainbeste gertatzen da estresarekin eta antsietatearekin ere, antzeko sintomak izaten dituztelako. Baina ez dira gauza bera eta tratamendua ere desberdina da.

Depresioak ez du sexurik bereizten, baina eragin handiagoa du emakumeen artean gizonezkoen artean baino. Emakumezkoen %20 inguruk neurri handiago edo txikiagoan depresioa izaten duela uste da; gizonezkoen artean, berriz, kopurua ez da %9ra iristen. Baina gure gizartean haziz doan arazoa da eta horixe da kezkagarriena: azken hamarkadan hiru aldiz biderkatu da depresio kontrakoen kontsumoa eta antsiolitikoena, lau bider.
Sarritan, depresioaren diagnostikoa ez da zuzen egiten anbulatorioan, kasurik gehienetan gaixoak azaltzen dituen sintomak ez baitira oso zehatzak. Nahiz eta lehen sintomak agertu bezain pronto diagnostikoa egitea funtsezkoa den, depresioa larriagotu egiten da eta okerragoa dena, kroniko bihurtzeko arriskua dago. Eta horren ondorioz, tratamendua zailago eta ondorioak larriago bihurtzen dira.

Normalean, tristura izaten da hasierako sintoma; egunak joan ahala, sakonago eta biziago bihurtzen da malenkonia eta gogorik eza. Eta eguneroko jardun, gizarteko bizitza, irakurketa, zaletasun eta lanerako interesik eza azaltzen dira. Halaber, pertsonak egiten dituen eguneroko lanetan eta irakurketan kontzentratzeko arazoak agertzen dira; proiektuak albora uzten dira eta "ez dut ezertarako balio", "ezer ez du merezi" eta antzekoak sentitzen ditu pertsonak. Loak gorabeherak izaten ditu, arratsaldearen amaieran logura handia eta goizaldean logurarik eza agertzen dira eta askotan angustia eta antsietatea horrekin batera. Itxuraz arrazoirik izan ez arren, negargura eta beste sintoma pila bat ager daitezke: itomena, sabeleko ondoeza, izerdiak, ikarak, zorabioa, ahoko lehorra, buruko mina. 

Gaur egun botika ugari eta eraginkorrak daude depresioaren kontra eta substantzia zerrenda zabala biltzen dute. Depresio-kontrakoak neurotransmisoreengan jarduten duten botikak izaten dira, serotonina, normadrenalina, dopmina eta antzeko substantziak, neuronek euren artean komunikatzeko erabiltzen dituztenak. Botikarik erabilienetako bat fluoxetina da, serotonina gehitzea eragin, eta aldarte-egoera eta bizitza-energia erregulatzen dituena. Ez du berehalako eraginik izaten eta hartzen hasten denetik, 3 eta 4 hilabete behar izaten dira eraginak antzematen hasteko.

viernes, 26 de noviembre de 2010

NAHASTE OBSESIBO KONPULTSIBOA

Nahaste honen ezaugarririk nabarmenena, noski obsesioak eta konpultsioak edukitzea da.
Obsesioa ideia iraunkor kenezina da, burutik uxatu ezin dena. Obsesiboa bera konturatzen da bere gaitzaren izaera patologikoaz, bere ideiak zentzugabeak direla; saiatzen da haien aurka borrokatzen, baina behin eta berriro itzultzen dira, saihestu ezinik.

Obsesioak gauza askotara lotuta egon daitezke. Erasozko erreferentziak izan ditzakete: besteak edo norbera mintzearen beldurra, irainak edo hitz zakarrak esatearen beldurra, erailketen edo hondamendien arduradun izatearen beldurra... Maiz ematen dira ere kutsadurazko obsesioak: birusen, lohiaren edo produktu kimikoen ardura, gorputz jariakinen (gernua, gorozkiak, listua) ardura, gaixotasunak hartzearen beldurra, eta abar.Sexuari buruzko obsesioak ere agertzen dira: homosexuala, pedofiloa edo intzestu-egilea izatearen beldurra, pentsamendu zital eta dongeak izatea eta haiengatik larritu.

Normalean, obsesioak dituen pertsonak konpultsioak ere izaten ditu. Konpultsioak obsesioak ezeztatzeko edo indargabetzeko egiten diren portaerak dira, estutasuna saihesteko helburuz. Konpultsioak guztiz ilogikoak direnez, lasaitasuna iragankorra da eta estutasuna epe laburrean itzuliko da.

Konpultsio mota desberdinak obsesioekin zerikusia badute. Kutsadurarekin arduratuta bizi denari izua eragiten dio edozerk kutsatzeak eta behin eta berriz garbitzen ditu eskuak. Jendea agurtzerakoan eskua emateari eta bestelako edozein kontaktu fisikori uko egiten dio. Sarritan ikusten diren konpultsioak hauexek dira: eskuak garbitzea, atea itxi aurretik behin eta berriz begiratu nola dagoen etxea, egiaztatu gas-giltzak, leihoak, etxetresna elektrikoak..., ezertarako balio ez duten gauzak metatzea edo etengabe aitaren egitea.

miércoles, 24 de noviembre de 2010

SARRERA

Gaur egungo gizarteak, egokitze lan izugarriak exijitzen dizkigu. Sarritan lan hauek egoera larrietara eramaten gaituzte eta ia jasan ezinak egiten zaizkigu. Honen ondorioz, nahaste psikologiko desberdinak sortzen dira: estura, antsietatea, depresioa, egokitze desorekak, insomnioa, bikote arazoak, eta abar. Nahaste hauek ondoeza eta sufrimendua sortarazten dituzte, eta eraman gaitzakete inkomunikaziora, erasokortasunera, gizarte edota lan moldagabeziara, sexu arazoetara...


Espero dut nire blogarekin disfrutatzea!!